Nola zainduko dugu umeen elikadura gu geuk ez badakigu zer den aproposa gure organismorako? Hurrengo testuan elikadura aproposa eramateko pausoak aurkituko dituzue.
Janariaren bidez sor daitezkeen eragozpenak oso garrantzitsuak dira. Eragozpen hauetatik, gaixotasun kardiobaskularrek (asteriosklerosia, bihotzeko infartua) beldurtzen gaituzte gehien. Honek elikagaiekin zenbaterainoko lotura duen adierazteko gertakizun argienetarikoa hauxe da: dieta-ohiturak mendebaldeko erara bihurtzen ari diren herrietan gaixotasun kardiobaskularren gehitze ikusgarria ari da gertatzen. Arazoa hain larria izanda, harritzekoa da Osasun Administrazioek bere aurrean eman ohi duten erantzuna, noizbehinkakoa, ahula eta gaizki bideratua izan delako. Noizbehinkakoa da, behin betikoa eta etengabea izan beharrean, gizartearen edo kazetarien kezkei baino erantzuten ez dielako. Ahula da, arazoaren garrantziaren eta arrisku-faktore nabarmenen aurrean inkesta eta ikerketa epidemiologiko apurrak besterik ez dituztelako bultzatu. Gaizki bideratua, ahalegin urri horiek helduarenganako prebentzioan burutu direlako, arazoa, batez ere pediatrikoa denean (umetan hazten dira ateroma plakak esan dugun bezala, janari aterojenikoak eta jateko ohitura kaltegarriak diren bezalaxe).
Nere ustez, ondoko puntu hauek onartu beharko lirateke agente guztien artean (gurasoak, irakasleak, osasun-alorreko langileak, administrazioa…) umeen nutrizioa ezezik dieta, ohiturak ere oro har, modu logiko batean planteatzeko.
- Heziketa sakona behar da janari eta elikagaiei buruz jendeak ikas dezan zein diren gure organismorako aproposak eta zeintzuk kaltegarriak eta alboragarriak. Heziketa hau hizkera simple batekin bete beharko litzateke. Laburbilduz, honelako aholkuak eman daitezke:
- ekidin: gozogintza industriala, haragi oso koipetsuak,
- mugatu: txerrikiak, enbutidoak, arrautzak, esne eta esnekiak,
- derrigorrez kontsumitu: fruta, barazkiak, arraina, oliba-olioa,
- ez ahaztu jan orduetatik aparte umeek jaten dituzten snacks-ak.
- Elikagaiaz gain, ezinbestekoa da gurasoen haurren jokabidea kontrolatzea haiek transmitituko baitizkiete seme-alabei, ohiturak; honela, umeari gustatzen zaiona, baina elikagai-talde guztietakoa, eskaini behar zaio, jarritako orduetan eta denbora logiko batean (ordu erdi, 3 ordu laurden), jatera behartu gabe eta ezer jaten ez badu hurrengo jan-ordura arte ezer eskaini gabe.
- Ezinbestekoa da edoskitze naturala bultzatzea, nutriente egokiekin hornituz eta gaixotasun batzuk ekidituz gainera, modu naturalean elikatzeko eredu delako, eta gerorako ohitura osasungarriak bideratuko dituelako.
- Ariketa fisikoa bultzatu behar da, batez ere kaleko jokoen bidez; etxeko denbora-pasa nagusia eta ia bakarra telebista ikustea bihurtu da eta aipatu ditugu arestian ekintza honen ondorioak.
- Gizartean hainbeste indar duen publizitatean (iragarkiak eraginkorrak dira mezua transmititzerakoan eta gutxi edo gehiago jende guztiarengan du eragina), erakunde publikoek tinko jokatu beharko lukete dietari buruzko osasun-ohiturak bultzatzeko. Bidenabar, dieta eta, beraz, osasunari buruzko publizitatea mugatu egin behar litzateke, iragarki batzuren mezu faltsua galaraziz edo aldatuz, are gehiago elikagai txarrak eta desegokiak kontsumitzera bideratzen duten iragarkiak asko direnean (nork ez ditu ezagutzen “eman ezaiozu … 3 hilabetetik aurrera luzeran eta ez zabaleran hazteko”, edo, “har ezazu… txapeldunen elikagaia”, edo, bidean “aiba,… ahaztu zaizkit”).
Edo, bestalde gaur egun dagoen argala izateko moda. Honi buruz esan dezakegu elikagai desegokiak kontsumitzera bideratzen duela argaltzearen aldeko propaganda ezegokiak (yogourt izen bateko gorpuzkera, aktore edo aktoresaren baten eredua…; argaltzeko kremak, argaltzeko janari lightak, etab.). Zer esanik ez, honek ere kontrol zehatza beharko luke.
Bakoitzaren elikadura eta osasuna norberaren ardura da. Horregatik txikitatik ondo erakutsi behar zaie, eta kontzientziatu, haiek bide egokia har dezaten. DISFRUTA EZAZU BIZITZA OSASUNTSU!
No hay comentarios:
Publicar un comentario